Beintza-ko irteera - HHLH-DBHI Otsagabia - Ikasnova
Beintza-ko irteera - HHLH-DBHI Otsagabia
Beintza-ko irteera
26/09/2025
1. eguna
Gabon familiak:
Zer moduz Zaraitzu aldetik? Beintzan primeran gaude! Goizeko 11:30etarako Beintzan geunden bidai lasai bat egin eta gero. Maletak aterpetxean utzi eta berehala jolasten aritu gara bertako frontoian. Labaiengo eskola zenaren jolastokian jolasteko denbora ere eman digu. Indarberritzeko etxetik ekarritako bokata goxoak jan eta 15:30etan mendira abiatu gara ibilalditxoa egitera. Mendia gaztainondoz eta gaztainaz beteta zegoen, hau zoramena! Galtzak bete lan ibili gara morkotxak irekitzen eta poltsikoak eta motxilak gaztainaz betetzen! bai gustora, gustoko lekuan aldaparik ez! Arratsaldea ia konturatu gabe pasa zaigu eta berriz ere aterpetxera hurbildu gara maletak eta logelak antolatzera afaldu aurretik. 20:00etan puntual-puntual mahaian eserita geunden Idoiak prestatutako barazki purea, "txitxi bolak" eta iogurta gozatzen, den-dena jan dugu! Lurri sorpresa eman diogu eta Estitxu trikitixarekin lagunduta zorionak zuri kantatu diogu denak batera. Hortik pijama jantzi, hortzak garbitu eta batzuk lo-zakuan sartu orduko zurrungaka daude, besteak amestera bidean...Bihar egu n zirraragarria dugu aurretik, denok atseden hartzera gaur emozioz betetatako eguna izan da eta. Ongi izan!

2. eguna
Gabon familiak:
Zer moduz zaudete? Gu primeran, gaur ere egunari etekina atera diogu! ederki hartu dugu atseden gauean eta 8:30etan gosaltzera igo gara jangelara. Bapo gosalduta 10:00etan batzuk Beñat begiralearekin jolasak egiten zituzten bitartean beste batzuk Lurdes Zubietako talogilearekin jaki goxo hau nola egiten den ikasi dugu eta baita jan ere, nola ez txokolatez goraino betez, beno batzuk gazta aukeratu dute...bukatutakoan aktibitatea txandakatu dugu eta denbora librea izan dugu bazkal ordurate. Gaurkoan Zopa, oilasko bularkia saltsan eta Sandia/laranja, berriz ere Idoiak sukaldean duen esku ona nabaritu da, den-dena jan dugu!

Arratsaldean Lezealde kobazuloraino joan gara paseoan, uste genuen aldapak pirinioko gauza zirlea baina Beintza aldean ere badira. Pixkat izerdituta, taldeka sartu gara kobazuloan eta Mikelen azalpenetara adi-adi egon gara, bueltatzean kontatuko dizuegu. Beintzara bidean gaztainak biltzen jarraitu dugu beraz hasi labeak berotzen etxean gaztain-jate goxo bat egiteko irrikaz gaude!
Afaldu aurretik aterpe inguaruan jolasean aritu gara eta konturatzerako afal ordua iritsi da; entsalada, patata tortila, urdaiazpikoa eta iogurta. Azken indarrak xahutzeko diskotean dantzan (edo halako zerbait) ibili gara eta lokartu aurretik pixka bat lasaitzeko mahai jolasetan gaude batzuk orain beste batzuk Beintzako Martinatxorekin amesten duten bitartean.
Biharko goiza aprobetxatuko dugu eta pena handiz agurtuko dugu Beintza-Labaien, beti bezala ezin gustorago egon gara eta gainera eguraldia lagun. Errepikatzeko modukoa, baina badakigu ezinezkoa izanen dela beraz lerro hauek baliatzen ditugu Beintzako Orbela aterpeari eskerrak emateko gu hain ongi tratatzeagatik. Esker mila!

Bihar dena ondo bidean 15:10ean Otsagabira iritsiko gara eta eskolako autubusa hartuko dugu etxera bueltatzeko maletak eta motxilak gaztainaz eta oroitzapen politaz beteta!
